
Nondik hasi? Zelan esan adierazi nahi dudan guztia?
Ez da erraza, ez, baina erabakia hartuta dago eta ez dago atzera bueltarik.
Denbora asko pasatu dut ezer egin barik baina azkenean ausartu egin naiz zuri eskutitz hau idazten, barruan daukadan guztia askatzen.
Honen bitartez ez dut ezer lortu nahi. Eskutitz honen bidez niretzako zein zoragarria zaren esan nahi dizut. Badakit mundu honetan ez dagoela perfekziorik, baina niretzako zu, hori eta gehiago zara; gauzarik ederrena, amets lortezin bat.
Badakit ni zuretzako ez naizela existitzen beti ondoan izan banauzu ere, baina berdin zait. Berdin zait goizero zure irribarrea ikusten badut, nire ondotik pasatzen zarenean zure usain gozoa sumatzen badut edo zure ahotsaren musikarekin gozatzen badut. Berdin zait klaseko orduak zure begi berdeak begiratzen pasatu ahal baditut...berdin zait. Amets egiten jarrai dezaket.
Zenbat negar zugatik eta zenbat gau lo egin barik ohean etzanda zugan pentsatzen, zure aurpegi ederra irudikatzen. Zure begiak, zure ezpainak, zure besoak. Edozer emango nuke zure besoen berotasunean lo egitearren. Nirekin oso gutxitan hitz egiten baduzu ere bizia emango nuke zugatik, izan ere nire bizitzak zu barik ez dauka zentzurik.
Hau guztia zuri esan nahiko nizuke baina ezin dut. Ezin dizkizut gauza hauek aurpegira esan zure ondoan negoenean txikia sentitzen naizelako. Hurbil zaudenean ahuldu egiten naiz eta hitz egiten didazunean hitzak ez dira nire eztarritik irteten. Hainbestetan entseatutako elkarrizketa barruan geratzen da nire sentimendu guztiekin batera.
Batzuetan pentsatzen dut hobe izango zela existitu izan ez bazina, zutaz ahaztuko banintz, baina oker nago. Zu zara nire zorioan bakarra, egunero altxatzeko indarra ematen didana.
Seguruenez ez gara inoiz elkarrekin egongo, eta egia esan nik ez zaitut merezi. Ez dut uste inoiz nigatik zerbait sentituko duzunik baina jakinarazi nahi dizut zu beti egongo zarela nire bihotzean. Ez zaitut inoiz ahaztuko, inoiz ez. Zu nigandik gertu egotea gertatu zaidan gauzarik onena izan da eta zurekin egongo ez naizen arren berdin zait, zu zoriontsu ikusteak pozten nau eta nahikoa daukat horrekin.
Ez duzu asmatuko nor naizen eta aste pare batean hau ahaztuta izango duzu baina nik eskutitz honen bitartez ez dut zu nitaz maitemintzea lortu nahi.
Eskutitz honen bitartez gauza bakarra esan nahi dizut:
bihotzez maite zaitudala.