jueves, 20 de enero de 2011

Basamortuko Haizea


Neskatoak barre algara egin zuen. Mutikoa bitartean begira-begira zegoen. Sua bezain biziak ziren kirruak haizearekin mugitzen ziren dantza amaigabe batean, eta orduan berak bakarrik zuen katu begirada horrekin begiratu ninduen. Kaka zaharra! Jadanik bigarren aldia zen aste honetan bera begiratzen harrapatzen ninduela. Baina hain zen misteriotsua...Aiora...izenak ere kilimak eragiten zizkidan.
Arraroa dela pentsatuko duzue, baina bera zen nire herrialdea gogorarazten ninduen gauza bakarra. Ez zen fisikoki zuen itxuragatik, baina bere mugimenduak, bere usaina...Saharako gauen freskura ekartzen zizkidaten burura; eta bere indarrak, bere gogoak basamortuko are ekaitzen antzerakoak ziren.
Ni Hassan naiz eta 17 urte ditut. Susmatuko duzuen moduan ez, ez naiz euskalduna; beno, orain bai baina izatez Saharatarra naiz. Duela bi urte etorri nintzen hona bizi izatera eta zoritxarrez, oraindik ez naiz ohitu. Ez ezazue pentsatu familiak txarto tratatzen nauenik! Ezta pentsatu ere! Nik asko maite ditut nire gurasoak eta haiek ni ere bai, baina...Afrikaren behar izana dut. Oheratzen naizen bakoitzean zerura begiratu eta hemen ez da izarrik ikusten, neguak hotzak dira eta jendearen artean ez dago han bezalako epeltasunik. Gainera, etorri nintzenetik ez dut nire hango familiari buruz berririk izan eta herrialdea utzi nuenean zegoen egoera kontuan izanda...

“ Arratsaldeko zortziak ziren. Eguzkia basamortuko dunen artean ezkutatzen hasia zen bere azken izpiak zeru zabalerantz gogoz bideratuz. Ni, ohikoa zen moduan, nire toki sekretuan nengoen etzanda. Ez zen beste munduko gauzarik; arroka leun bat, besterik ez, baina niri gustatu egiten zitzaidan. Orduak pasatzen nituen bertan alferrarena egiten, haizeak basamortuarekin jolasten zuenean sortzen zuen musika entzuten. Hura bai lasaitasuna... Baina arratsalde zoragarri hura ez zen besteen modukoa. Zeruak gorritasun bitxi bat zuen, eta hori gure kulturan ez zen batere ona. Gure sinesmenen arabera horrek zorte txarra adierazten du, hurrengo egunean odola isuriko dela esaten da. Baina nik ez nituen gauza txatxu horiek sinesten, zaharren kontuak ziren niretzat. Oker nengoen. Arratsalde madarikatu hark zerbait txarra zekarren berarekin, animaliak haien ezkutalekuetatik ez irteteko bezain txarra; ilargia ere ez zen atera gau horri argitasun pixka bat emateko.
Amaren deia entzun nuenean bueltatu nintzen etxerantz. Normalean baino arinago joan nintzen izan ere, goseak hiltzen nengoen. Baina atera ailegatzerakoan ez nuen janari usainik sumatu, arraroa. Barrura sartu eta gurasoak ahapeka hitz egiten ikusi nituen. Amak oso kezkatu aurpegia zuen; begi zuloak nabariak ziren bere aurpegian eta oso zurbil zegoen. Bere azalak bizitasuna galdua zuen gaixorik balego bezala eta bere begiak ezer eza begiratzen zuten, hutsik, dirdira aztarnarik gabe. Aita ordea adi zirudien, zarata bat noiz entzungo zain moduan. Haiengana hurbil nedin keinu bat egin zidan.
- Zer gertatzen da?- galdetu nuen
-Etorri zaitez seme, zerbait garrantzitsua dugu zuri esateko.
Ahal izan nuen moduan joan nintzen haiek zeuden tokiraino, ez bainekien zer gertatzen zen baina nire hankak dardarka zeuden. Amaren ondoan jesarri nintzenean honek bere besoetan hartu eta negarrez hasi zen. Ezin nuen ulertu, zer zen hain txarra? Zer gertatzen zen?
Orduan trumoi hotz bat entzun nuen urrunean, baina zeruan ez zegoen hodei arrastorik. Ez ziren trumoiak, tiroak baizik.
Bat- batean dena jarri zen hankaz gora, eta Saharako egun zoriontsuak momentu hartan izan zuten haien amaiera. Jendea alde batetik bestera hasi zen korrika eta oihuka, umeak negarrez zeuden haien amen besoetan eta animalia guztiak zarataka hasi ziren kortaren barruan. Baina nik oraindik ez nekien zer gertatzen zen!
Gurasoek dei egin ninduten.
-Hassan! Etorri zaitez, bizkor.
-Baina zer gertatzen da aita?
-Ez dago azalpenerako aztirik, ihes egin behar duzu. Kanpamenduaren kanpoaldean kotxe bat dago zu itxaroten gero itsasontzi batera eramateko. Korrika egin behar duzu Hassan, ez zaitez gelditu, ez ezazu atzera begiratu entzun duzu?- aitak astindu egin ninduen. Nik buruarekin baietz esan nion nire masailetik malko bat jausten zen bitartean. Biak besarkatu eta kanpora atera nintzen. Orduan arnasa sakon hartu eta tximista moduan hasi nintzen korrika nire bizia atzean utziz. Bertan geratuko ziren nire lagunak, nire familia, nire ametsak...irudi haiek lagundu ninduten bide guztian zehar Afrikar paisaia nire begien aurrean zirriborrotsu agertzen zen bitartean. Hura izan zen nire gurasoak ikusi nituen azkeneko aldia.
Hamabost minutu korrika egin ondoren argi distiratsu bat ikusi nuen urruntasunean, kotxearen faroak ziren. Azken esfortzua egin eta arnasestuka heldu nintzen kotxeraino. Furgoneta zahar bat zen eta ez zuen ematen oso egoera onean zegoenik, baina nuen ihesbide bakarra zen horregatik birritan pentsatu barik atea ireki eta igo egin nintzen. Barruan beste hamar ume zeuden. Batzuk dardarka, beste batzuk ingurura begira, baina denak zeuden izuturik. Nik ere kezkak airean nituen baina bertako nagusia nintzen horregatik, burua epel mantendu behar nuen. Negar zotinka zegoen neskato batengana hurbildu nintzen. Makurtu nintzenean begi handi batzuekin begiratu ninduen eta eskuetan zuen panpina indarrez besarkatu zuen bere gorputzaren kontra.
- Ez da ezer gertatzen txiki, zuk uste baino lehen bukatuko da dena-edo hori espero nuen nik. Zerbait egin behar nuen egoera apur bat hobetzeko, horregatik abesten hasi nintzen; hasieran ez zidan inork jarraitu baina azkenean ume guztiak kantuan hasi ziren nirekin, horrela bakoitzaren bihotzetan alaitasun pixaka bat sortaraziz. Ez dut gogoratzen zenbat denbora eman genuen kantuan baina konturatu nintzenerako loak hartu ninduen saharatar doinu alaien besoetan.
Furgoneta gelditu zenean itzartu nintzen. Leihotik begiratu eta goiza zela ikusi nuen; orduan gizon batek atea zabaldu eta kanpora irteteko esan zigun. Itsasotik zetorren haize gaziak ilea nahasi zidan, portu batean geunden eta han zegoen itsasontzia gure zain. Bizi berri bat hasteko aukera emango zigun itsasontzia,mundu desberdin batera eramango gintuena.
Igo ginenean ikusi nuena ez dut inoiz ahaztuko: gosea, gaizotasuna...Jendea lurretik botata zegoen arropak odolez zikin zituztelarik, lurra pertsonen gorotz eta gernuaz beteta zegoen; goragalea etorri zitzaidan. Nire lagunak hartu, bazter batera eraman eta han kukubilkatu ginen denok itsasontzi barruan zegoen hotzetik babestu nahian. Egunak eman genituen zulo horretan sartuta, ez geneukan ia jatekori ezta edatekori; itsasontziak gora eta behera egiten zuen kanpoko ekaitzekin batera; ez genekien noiz zen eguna eta noiz gaua, momentu batean denbora nozioa galdu nuen...Egunak pasa ziren, asteak; jendea gero eta txarrago zegoen, batzuk ez zuten Eguzkiaren argia berriro ikusteko aukerarik izango.
Nire lagunen artean behintzat denak bizirik zeuden, oso makal baina bizirik eta hori zen garrantzitsuena. Denok helduko ginen onik, ez nekien zerk eragin zidan susmo hori baina ziur baino zurrago nengoen; gutxi geratzen zen bidaia amaitzeko eta guztiok lortuko genuen.
Bi edo hiru egun geroago itsasontziak zerbaiten kontra jo eta gelditu egin zen. Ezin nuen sinetsi! Argia ikusteko irrikitan nengoen horregatik korriketan irten nintzen itsasontzitik oso ahul egon arren, eta horretan nengoela estropezu egin eta lurrera jausi nintzen. Baina berdin zitzaidan, zoriontsu nintzen. Lekaime batzuk zeuden gure zain portuan; bizirik geratu ginenak hartu eta umezurztegi batera eraman gintuzten. Han dutxatu, jan, lo egin eta jantzi gintuzten. Handik aurrera geratzen zen gauza bakarra itxarotea zen, familia bat etorri eta haiekin eramango gintuzten momentua itxarotea. Nire ordua handik gutxira heldu zen. Lagunak agurtu eta istorio berri bat idazteko garaia heldu zitzaidan...”

Orain bizimodu atsegin bat daukat, ikastolara noa, arropa berria dut, ohe bigun batean lo egiten dut eta egunero jateko aukera daukat. Ezin naiz kexatu. Egia da Afrika etsi-etsian oroitzen dudala, baina beno, etorkinon bizitza erraza ez dela badakigu; ohituko naiz. Aiora...zein ederra den balekizue... liluraturik nauka. Badakizue zer? Bihar beregana hurbilduko naiz eta irteteko eskatuko diot. Bai, hori egingo dut.