jueves, 7 de enero de 2010

Ipuina


Bide Berri Bat

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu zitzaion, ba, hari bat-batean?...
Astelehen goiza zen. Etxean giroa lasaia zen, izan ere bera bakarrik zegoen. Besaulki batean eserita leihotik begiratzen zuen. Kanpoan jendeak beroki lodiak zeramatzan negu hotzetik babesteko. Altxatu eta komunera abiatu zen zailtasunez, hankan min baitzuen. Ispilu aurrean jarri zen burumakur, beldur zen burua altxatu eta bere aurpegia begiratzeko. Ez zuen gogoratu nahi aurreko gauean gertatutakoa, ez, sufrimendu gehiagorik ez. Azkenean arnasa sakon hartu eta errealitateari aurre egin zion. Ikaragarria. Nor zen hainbeste ubelduraren azpian zegoen emakume hura? Ez zuen bere aurpegia ezagutzen. Bere begi berdeak gorrituta zeuden negarragatik, sudurra okertuta jasotako ukabilkadagatik eta ezpainean ebaki bat zuen eta horren ondorioz handituta zeuden. Lotsa sentitzen zuen bere burua begiratzean, aurpegi desitxuratu hori ikusteak botaka egiteko gogoa ematen zion. Zer egin zuen berak jipoi hori jasotzeko? Beti egiten zion bere buruari galdera bera. Merezi zuen berak hura? Askotan duda egiten zuen.
Gauzak asko aldatu egiten dira urte gutxi batzuetan. Ezagutu zuenean gizon paregabea zen, oso adeitsua. Beti zegoen bera ondo egoteko ahaleginetan eta inoiz ez zion hutsik egin. Dena ondo zihoan, zoriontsu bizi ziren euren bi umeekin baina hau guztia ez zuen asko iraun. Edaten hasi zen eta ordutik, hain onak izandako urteak pikutara joan ziren eta beraiekin zoriontasuna.
Egunek ez zuten zentzurik berarentzat, orduak ematen zituen negarrez eta zer egin jakinik ez. Sufrimendu hura guztia bukatzea baino ez zuen nahi, amore eman, begiak itxi eta berriro ez zabaltzea. Baina ezin zuen hori egin. Ez beragatik, umeengatik baizik. Haiek ziren goizero jaikitzeko indarra ematen ziotenak. Berak ez zuen irtenbiderik baina haiek oraindik txikiak ziren eta bizitza on bat merezi zuten. Beraz, ezin zuen amore eman eta borrokan jarraituko zuen.
Beno, pozten zen astelehena izateaz; aste horretako jipoi gogorra pasatu zen. Asteburua zen txarrena. Berandu heltzen zen etxera, mozkor-mozkor eginda eta haserre, bere futbol taldeak galdu egiten zuelako. Atea ireki, egongelara sartu eta orduan hasten zen dena. Oso gauza itsusiak esaten zizkion. Emazte txarra zela eta are ama txarragoa; ez zuela ezertarako balio, zaborra zela, emagaldu hutsa. Gero jipoia zetorren. Zaplastadak ematen zizkion, ostikoak eta txistua botatzen zion bere gainean. Baina hori ez zen txarrena. Hainbeste oihurekin umeak esnatu egiten ziren eta ate atzean begiratzen ikusten zituenean bere bihotza zatitu egiten zen. Ezin zuen onartu haiek bera horrela ikustea, horregatik behin eta berriro altxatu egiten zen; min izan arren ezin zuen negarrik egin eta eutsi egiten zuen azken momenturaino. Bere senarra nekatzen zenean ohera joan eta han uzten zuen bera lurrean botata minaren minez ezin altxatuz.
Ezin zuen horrela jarraitu, zerbait pentsatu behar zuen eta arin gainera. Ez zuen berriro ezer gehiago jasango. Jadanik nekatuta zegoen, minduta eta lotsatuta. Ez zuen berriro hura sentitu nahi; bera ez zen leloa, pertsona bat zen eta inork ez du hori merezi, inork. Nazkatuta zegoen. Gau hartan dena bukatuko zen. Hegoak moztu dizkioten txoria izan zen orain arte, baina laster berriro hegan egingo zuen.
Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu zitzaion, ba, hari bat-batean?
Bere ametsetatik esnatu eta komunetik irten zen. Bazkaltzeko ordua zen eta umeak etortzeko egon behar zuten, beraz, presa eman zuen. Maleta bat hartu eta arropaz bete zuen: galtzerdiak, barruko arropak, hiru fraka pare eta zenbait kamiseta. Aste bete baterako ekipajea gutxi gorabehera. Hau egin eta gero telefonoa hartu eta bere ama deitu zuen honen etxera joango zirela jakinarazteko. Bere ama pozez irrikan jarri zen hau entzutean. Momentuz dena ondo zihoan baina burua argi mantendu behar zuen ezer txarto ez egiteko. Zarata batek izutu zuen; ateko txirrina. Umeak alai zetozen eskolan egindakoaz hitz eginez baina orain ez zegoen horretarako denborarik. Maleta hartu eta etxetik irten zen ziztu bizian. Umeak harrituta zeuden.
- Nora goaz ama?-galdetu zuen nagusienak.
- Amamaren etxera goaz, han pasatuko ditugu egun batzuk.
Maleta kapotean sartu eta kotxera igo zen. Bidaia luzea zegoen bere amaren etxeraino, hiru ordu eta erdi hain zuzen.
Lasai gidatzen zuen, umeak lokartuta zeuden eta isiltasunak betetzen zuen kotxea. Ordu laurden geratzen zen oraindik. Iluntzen hasia zen eta paisaia bat egiten zen gaueko argiarekin. Kriston nahastea eratzen zen.
Bere buruan ordea ideiak argi eta garbi zeuden. Erabakia hartuta zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Bazekien zaila izango zela eta bidea oztopoz betea egongo zela baina merezi zuen saiatzea. Ez zeukan ezer galtzerik, gauzak ondo edo txarto irten beti irabaziko zuen. Ez zuen min gehiago jasan beharko, libre izango zen, ez zuen bere senarra gehiago ikusiko. Hau pentsatzean ia oritzen ez zuen zerbait sentitu zuen; poztasuna. Bere barrenean tximeletak sentitu zituen hegan eta orduan irribarre bat agertu zen bere aurpegian. Bere burua begiratu zuen atzeranzko ispiluan, askoz ere gazteagoa ematen zuen, bere begi berdeek oraindik mantentzen zuten gaztaroko sugar hura.
Egin beharrekoan pentsatzen jarri zen. Lan berri bat topatu behar zuen oso diru gutxi zuen eta. Bazekien bere gurasoek lagundu egingo ziotela baina ez zuen haiek mantentzea nahi. Munduari erakutsi nahi zion gai zela bere kabuz moldatzeko, pasatutakoa pasatu ondoren ere aurrera jarraitzeko indarra zuela. Emakume gogorra zen bera eta lortu egingo zuen. Pertsona berri bat bihurtuko zen, baina ez zuen bizitako esperientzia gozogabe hura ahaztuko, ez. Beti mantenduko zuen bere buruan oroitzapen hori eta momentu zailetan hura gogoratzeak indarra emango zion. Ez zen berriro kikilduko, burua artez mantenduko zuen beti; orain bazekien inor ez zela bera baino hobea. Ez zen inoren aurrean berriro belaunikatuko eta bere eskubideengatik borrokatuko zen.
Umeengan pentsatu zuen. Aste bete utziko zituen bere amaren etxean, pozik egongo ziren han. Bitartean berak lana bilatuko zuen eta etxe txiki bat erosten saiatuko zen. Eskolara ere joan behar zuen, umeen izena emateko eta gainera bere etxera bueltatu behar zuen, pare bat gauza hartzeko(hau senarra ez zegoen bitartean egongo zuen, noski).
Zortzi eta bost urteko bi seme zituen; maitagarriak. Haurtzaro zaila izan zuten eta aita barik hastea ere gogorra izango zen. Seguru aski hainbat irain jasoko zituztela besteengandik baina berak ahalik eta hoberen egingo zuen. Bazekien bere semeek beti sumatuko zutela gizonezko presentzia baten falta, izan ere aitaren papera oso garrantzitsua da umeentzat, mutilentzat batez ere. Agian kostatuko zitzaien haien gauzez hitz egitea berarekin, lotsagatik gehienetan. Baina bazekien ez ziotela leporatuko egindakoa egin izana, ulertu egingo zioten eta pertsona hobeak izaten lagunduko zien gertatutakoa jakitea. Pertsona guztiok errespetua merezi dugula. Inor ez dela mespretxatu behar sexu, arraza edo kolore desberdina izateagatik. Erraza da esatea baina gero oso jende gutxik jartzen du praktikan.
Bidaia bere amaierara heltzen ari zen. Kilometro gutxi batzuk geratzen ziren haien helmuga lortzeko. Gau hotzak bere beso ilunekin inguratzen zituen baina horrek ez zien haien barnean sentitzen zuten sua amatatuko. Inor edo ezer ez zen gai izango egun hura zapuzteko; helduko ziren pena garaiak baina ez gau hartan eta heltzean ere irribarre batez garaituko zituzten.
Mugimendu bat sumatu zuen. Atzera begiratu eta Iker(seme gazteena)esnatu zela ikusi zuen.
-Asko falta da?-galdetu zuen nekatu aurpegiaz.
Eta orduan urrunean argi batzuk agertu ziren. Herriko kale argiek sortzen zuten distira hura,argi normala zen, baina haiei inoiz ikusitako gauzarik ederrena iruditu zitzaien.
Hunkituta negar egin zuen. Azkenean lortu zuen hainbeste desiratutako askatasuna. Ezin zuen sinetsi eta ametsa ez zela ziurtatzeko atximurka egin zion bere buruari.
Han zegoen haien bizitza berria besoak zabalik harrera egiten. Haien aukerak, beldurrak, lorpenak...dena. Elkarrekin lortuko zuten bide berri bat egitea.
Buelta eman, bere semeak begiratu eta irribarre egin zuen.
-Adi semeok, begiratu aurrera eta han ikusiko duzue gure bizitza, gure herria, gure askatasuna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario