miércoles, 28 de abril de 2010

Ingurunea maite dudalako



Jadanik gaua zen. Hiru orduko loaldia egin ondoren Iratxek begiak zabaldu zituen astiro-astiro eta gomazkoa balitz moduan nagiak kendu zituen aharrausi eginez. Buruko mina zuen. Kotxeko leihatila zabaldu eta sakon arnastu zuen. Gaueko haize freskoak bere azal fina laztantzean hotzikara bat sumatu zuen, baina Iratxek bazekien hotzikara hori ez zela hotzagatik izan. Begirada jaitsi eta bere altzoan zegoen orri berdexka begiratu zuen. Ezin zuen sinetsi, ez zen posible. Leihotik begiratzen geratu zen, pentsatzen; baina kanpoko paisaia nahasiak zorabiatu egiten zuen. Ilargiak sortutako itzalek irudi beldurgarriak eratzen zituzten eta gaueko iluntasunak bere besoekin inguratu zuen besarkada hotz batean.
Nola demontre agertu zen eskutitz hori bere etxean? Bere izena zeraman baina...zergatik bera? Eta zer suposatzen zen egin behar zuela?
Ez zekien zergatik baina arazoetarako iman bat zen, txikitatik. Etxean zerbait gertatzen zenean beti zen bere errua eta ikastolan ere zerbait desagertzen bazen beti agertzen zen bere amantaleko poltsikoan misteriotsuki. Bi posibilitate zeuden: edo zorte txarra zuen, edo oso inuzentea zen, eta bigarrenak puntu gehiago zituen...
Eskutitza bere eskuetan hartu zuen. Papera oso delikatua zen, baina gozoa aldi berean eta usain freskoa askatzen zuen. Zabaldu, eta egun horretan hamargarren aldiz irakurtzen hasi zen. Honela zioen:
“Iratxe maitea:
Bai, badakit oraindik txikia zarela eta, badakit hamalau urterekin ezin dela asko egin. Baina nik ezagutzen ez dudan arrazoi batengatik hautatua izan zara, patuak horrela idatzi du gertatuko zela. Ez zaitez izutu mesedez, nire asmoa ez da hori, baina zure laguntza behar dut, inoiz baino gehiago.
Lehenik eta behin esan nahiko nizuke hau ez dela zuk egin beharreko zerbait. Bizitza honetan beti dago hautatzeko aukera zuk ondo jakingo duzun moduan, eta badakit zuk ondo egingo duzula.
Urte asko eman ditut ezkutuan, ezer egin barik. Zuek egin didazuen mina jasaten, egunero gau eta egun sufriarazi egiten didazue eta txarrena da gehienoi berdin zaizuela. Ni zuen modukoa naiz. Ezetz uste duzuen arren nik sentitu egiten dut; nola azaltzen duzue bestela euria egitea? Egun horiek dira niretzat tristeenak, egun horietan eztanda egiten dut eta nire barruan eragotzitako amorru, haserre eta min guztia askatzen dut. Denetarik egin didazue, gauzarik krudelenak baina esan beharra dut guzti horren gainetik nik maite zaituztedala. Baina ez zarete konturatzen egunero, orduro, nirekin akabatzen ari zaretela; pixkanaka-pixkanaka azkenean ezer geratu arte.
Nik behar zenuten guztia eman dizuet eta zuek ordea horrela eskertzen didazue. Zerbait txarto egin dut hau egiteko? Benetan uste duzue merezi dudala? Zuek ez duzue egiten ari zareten kalte ikusten baina nire basoak erre dituzue, nire itsasoak zikindu, animaliak hil eta dena behar zenutena baino gehiago lortzeko. Ikaragarria benetan....”

Ikaragarria zen benetan niri gertatzen ari zitzaidana! Zer egin nezakeen nik? Hamalau urte nituen eta iniziatibarik ez! Hau ere niri gertatu behar...zergatik izan nintzen ni hautatua? Hor goiko norbaitek benetan gorroto ninduen...
Ni beti izan naiz oso ekologista eta ez neukan arazorik gauza txikietan laguntzeko baina nor demontre ikusi ninduen ni kapaz horrelako mailako lana egiteko? Eskolan ere arazoak nituen lagunak egiteko eta! Ur handiegiak ziren nik igeri egiteko.
-Zenbat falta da heltzeko ama?-galdetu zuen Iratxek.
-Erdia eta horrenbeste Iratxe!Behin eta berriro galdetzeari utziko diozu, mesedez?
Horrek asko falta zela adierazten zuen; beraz, pentsatzeko denbora zuen oraindik...

“...Horregatik Iratxe, mesedez eskatzen dizut zerbait egitea ni laguntzeko. Ez ezazu aurpegi hori jarri! Badakit ez duzula zure burua gai ikusten horrelako zerbait egiteko baina zuk ez baduzu arin jokatzen ez dut asko iraungo eta txarrena ez da ni akabatuko nauzuela, ez. Txarrena zuen biziarekin bukatuko duzuela izango da. Jakin edo ez, behar nauzue ni zuek behar zaituztedan moduan.
Gure etorkizunak lotuta daude eta gutxi geratzen zaigu, horregatik nik zugan jartzen dut nire konfiantza eta zure esku uzten dut nire geroa. Badakit ondo egingo duzula, eta zuk ere badakizu. Ez ezazu utzi batzuen erruagatik guztiok ordaintzea. Amata ezazu erretzen nauen sua, baretu nire mina eta munduak eskertuko dizu.
Nik esan beharrekoa esan dut eta orain zure eskuetan usten dut erabakia, egokiena egingo duzulakoan nago. Ez zaitez beldurtu Iratxe, gauza handiak egiteko jaio zinen eta. Kontuz ibili eta gogoratu, ni beti egongo naizela zu zaintzen.
Beti zurea,

Ama Lurra

Eskutitza kontu handiz tolestu eta gutun-azalean sartu zuen Iratxek. Begiak malkoz beterik zituen, irakurri zuen bakoitzean moduan. Hunkigarria zen berarentzat eskutitz horretan agertzen zena. Nola izan zitekeen gizartea hain krudela? Pertsona bakoitzak zeukan gauzarik politena suntsitzen ari ziren, haien etxea, haien ama. Baina Iratxek ez zuen hori onartuko. Beldurra zuen bai, txikia zen bai, baina berdin zitzaion. Bazekien dena bere esku zegoela eta berak bakarrik ez baina lagunduta lortuko zuen, lortu behar zuen.
-Beno Iratxe, heldu gara. Pozik egongo zara ezta?-esan zion amak.
Iratxe kotxetik jaitsi zen, eta momentu horretatik aurrera bazekien bere bizitza ez zela berriro berdina izango, momentu justu horretan munduak aurrera pauso bat emango zuen.

sábado, 24 de abril de 2010

Meryl Streep


Mary Louise Streep 1949ko ekainaren 22an jaio zen New Jerseyn, Ameriketako Estatu Batuak. Antzerki, zine eta telebistan parte hartzen duen aktorea da eta premio gehien jaso dituen aktorea kontsideratzen dute.
Merly txiki-txikitatik jakin zuen aktorea izan nahi zuela, bokazio hori bere familiarengandik etorri ez arren. Zortzi urte zituenean hartu zuen parte bere lehen “lanean” eta handik aurrera hasi egin zen bere karrera. Musika, arte dramatikoa eta opera ikasi zuen.
1978an bere lehen pelikulan hartu zuen parte(El cazador) eta ikusgarria izan ere, Oskar bat irabazi zuen bigarren mailako aktorerik onenarentzat. Film honetan ere John Cazale ezagutu eta maitemindu egin zen. Elkarrekin bizitzera joan ziren, baina handik gutxira Cazaleri hezurretako minbizia diagnostikatu zioten. Merylek bere lana eta guzti utzi zuen bera zaintzeko baina azkenean hil egin zen.
Merylek kostata baina aurrera jarraitu zuen bere lana eta bizitzarekin eta inoiz baino indartsuago gainera. Beste pelikula baten filmaketan Don Gummer(bere senarra) ezagutu eta ezkondu egin ziren. Lau seme alaba dituzte elkarrekin eta horietatik bere lehen alabak soilik jarraituko ditu bere amaren bizimoduarekin.
Merylek berak, bere burua pertsona arrunta moduan deskribatzen du, erosketak egiten ditu supermerkatuan, familia guztiarentzat aritzen da sukaldean eta berak erantzuten du telefonora; ez zaio gustatzen beste pertsona batek bere bizitza kontrolatzea.
Bere karreran zehar hainbat filmetan hartu du parte, ala nola: La mujer del teniente francés, La decisión de Sophie, Los puentes de Madison, El Diablo Viste de Prada eta askoz gehiago. Gainera bera da egondako aktoreen artean bere lanengatik dauden lau premioak(Oscar, Urrezko Globoa, BAFTA eta Aktoreen Sindikatuko Premioa)irabazi dituen gutxienetarikoa.
Meryl Streep aro modernoan bizi den aktore onena dela egiten dute.

sábado, 13 de marzo de 2010

Zuri


Nondik hasi? Zelan esan adierazi nahi dudan guztia?

Ez da erraza, ez, baina erabakia hartuta dago eta ez dago atzera bueltarik.

Denbora asko pasatu dut ezer egin barik baina azkenean ausartu egin naiz zuri eskutitz hau idazten, barruan daukadan guztia askatzen.

Honen bitartez ez dut ezer lortu nahi. Eskutitz honen bidez niretzako zein zoragarria zaren esan nahi dizut. Badakit mundu honetan ez dagoela perfekziorik, baina niretzako zu, hori eta gehiago zara; gauzarik ederrena, amets lortezin bat.

Badakit ni zuretzako ez naizela existitzen beti ondoan izan banauzu ere, baina berdin zait. Berdin zait goizero zure irribarrea ikusten badut, nire ondotik pasatzen zarenean zure usain gozoa sumatzen badut edo zure ahotsaren musikarekin gozatzen badut. Berdin zait klaseko orduak zure begi berdeak begiratzen pasatu ahal baditut...berdin zait. Amets egiten jarrai dezaket.

Zenbat negar zugatik eta zenbat gau lo egin barik ohean etzanda zugan pentsatzen, zure aurpegi ederra irudikatzen. Zure begiak, zure ezpainak, zure besoak. Edozer emango nuke zure besoen berotasunean lo egitearren. Nirekin oso gutxitan hitz egiten baduzu ere bizia emango nuke zugatik, izan ere nire bizitzak zu barik ez dauka zentzurik.

Hau guztia zuri esan nahiko nizuke baina ezin dut. Ezin dizkizut gauza hauek aurpegira esan zure ondoan negoenean txikia sentitzen naizelako. Hurbil zaudenean ahuldu egiten naiz eta hitz egiten didazunean hitzak ez dira nire eztarritik irteten. Hainbestetan entseatutako elkarrizketa barruan geratzen da nire sentimendu guztiekin batera.

Batzuetan pentsatzen dut hobe izango zela existitu izan ez bazina, zutaz ahaztuko banintz, baina oker nago. Zu zara nire zorioan bakarra, egunero altxatzeko indarra ematen didana.

Seguruenez ez gara inoiz elkarrekin egongo, eta egia esan nik ez zaitut merezi. Ez dut uste inoiz nigatik zerbait sentituko duzunik baina jakinarazi nahi dizut zu beti egongo zarela nire bihotzean. Ez zaitut inoiz ahaztuko, inoiz ez. Zu nigandik gertu egotea gertatu zaidan gauzarik onena izan da eta zurekin egongo ez naizen arren berdin zait, zu zoriontsu ikusteak pozten nau eta nahikoa daukat horrekin.

Ez duzu asmatuko nor naizen eta aste pare batean hau ahaztuta izango duzu baina nik eskutitz honen bitartez ez dut zu nitaz maitemintzea lortu nahi.

Eskutitz honen bitartez gauza bakarra esan nahi dizut:

bihotzez maite zaitudala.

Eskaria


Nork: Irati Salazar Nori: David Latsaga



Alkate jaun hori:

Eskutitz honen bitartez hurrengo hau eskatu nahiko nizuke:
Aita Roman Urtiaga kalean bizi naiz,orain dela zazpi urte etorri nintzen hona bizi izatera eta garai artan kexa bat bidali nuen udaletxera baina hainbat urte pasa dira hori egin nuenetik eta gaur egun oraindik arazo berdinarekin jarraitzen dugu kale honetan bizi garenok.
Gure etxebizitzen atzetik ibai bat pasatzen da, eta oso atsegina da hau entzutea lotan ohean zauden bitartean. Baina euri asko egiten duen egunetan, batez ere neguan, ibai hau oso arin bete egiten da; izan ere, ez da oso zabala eta ez dauka leku gehiegirik pasatzeko. Hau gertatzen denean, uraren maila asko igotzen da eta gehienetan gainezka egiten du. Horrela ikusita ez du gauza larria ematen, izan ere, pentsa dezakezu lorategiek erraz xurgatuko dutela ura; eta egia da, hori gertatu egiten da. Baina badago gauza bat kontuan hartu ez duzuena. Gure etxeen azpian garajeak daude eta ura hara sartzen da hauek urperatuz.
Agian pentsatuko duzue gauzak handitzen ari naizela eta ura garajeetara sartzea ez dela horren larria baina han ditugun hainbat gauza txikituta bukatzen dute eta sinistu ala ez guretzako hondamendi bat gertatzen da. Adibidez pasaden urtean nire auzokideari horrelako bat gertatu zitzaion. Erosi berri zuen armairua garajean utzi zuen eta egun euritsu batean urak gainezka egin eta guztiz apurtuta bukatu zuen. Zaborretara bota behar izan zuen eta ordaindutako diru guztia ez zioten bueltatu.
Arazo hau konpontzeko, ibaia zabaltzea eskatu nahiko nizuke kale honetako auzokide guztien partez. Ez da gauza hain zaila eskatzen dizudana egitea. Badakit zu orain dela gutxi zaudela udaletxean, horregatik espero dut nire zuk zerbait egitea problema larri hau konpontzeko.
Nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan.
Besterik gabe,
Agur


Data: 2010eko urtarrilaren 29a

Autoak atera behar dira gure herrietatik?


Presa daukagun momentu batean kotxea hartzearen kontra ez daukat ezer; bai, ordea, urte osoan haien etxetik berrogeita hamar metrora dagoen supermerkatura joateko kotxea hartzen dutenen kontra.
Nor ez da inoiz egon ordu eta erdi kotxe pilaketa batean sartuta? Nor ez da zebra bidetik paratzera joan eta ia-ia kotxe batek zapalduta bukatu? Eta ez al zaizue inoiz gertatu kotxea aparkalekutik ateratzera joan zaretela eta bigarren ilaran dagoen kotxe bat aurkitu duzuela?
Jendeak esan dezake momentu txiki baterako dela, eta egia da gehienetan bost minuturako izaten da, baina zer gertatuko zen guztiok gauza bera egiten badugu? Batzuk arinagoa delako hartzen dutela kotxea esaten dute, beste batzuk gutxiago nekatzen direlako. Hau horrela izateak ez die gainontzekoa kentzen. Atzo bertan, arrautzak erostera joan nintzen eta irtetean agure bat ikusi nuen bere kotxea ezin atera zebilela bigarren ilaran zegoen kotxe baten erruz.
Konklusioetara etorriz, zera esango nizueke: distantzia txikiak egiteko kotxea hartzeak ez dakar inongo mesederik, eta sortzen dituzten kalteak handiak dira. Beraz, hobe oinez joatea egunero egiten dugun gauza bat bihurtzean badugu,hau da, errutina bat; bai bakoitzaren onerako bai beste guztien onerako.

Amarentzako eskaera


Ama:

Gutun honen bitartez hurrengo hau eskatu nahi dizut.

Jakingo duzunez, asteburu honetan niri hainbeste gustatzen zaidan taldearen kontzertua dago Zelaieta zentroan. Badakit normalean hamaikak arte bakarrik daukadala baimena, baina larunbata izanda eta gainera kontzertu hori egonda, denbora geihago uztea nahiko nuke;ordu bata arte ahal izanez gero.

Agian pentsa dezakezu eguraldi txarra egingo duenez busti egingo garela, baina kontzertua frontoian da, beraz, ez gara bustiko. Gainera, dena pentsatuta daukagu.

Lehenengo sarrerak erosiko ditugu, bostak eta erdietan; gero, ogitarteko bat afaltzera joango gara hamarrak aldera, eta azkenik kontzertura, hau hamaika eta erdietan hasten da.

Badakit beldur zarela kontzertuetan jende asko mozkortuta egoten delako baina ez duzu kezkatu beharrik, lagun asko goaz eta. Gainera badakizu ni oso formala naizela eta ez naizela arazotan inoiz sartzen; nitaz fidatu.

Esan beharra dago ere aste honetan oso ondo portatu naizela eta gainera gaixorik egon naizenez ez ditut lagunka aste oso batean ikusi. Izan zaitez ona ama eta errukitu zaitez mesedez. Lagun guztiak doaz eta nik ez dut nahi gutxiago izan eta gainera talde honen azkeneko kontzertua da, ez daukat beste aukerarik. Zu ere gaztea izan zara ama eta badakizu zer sentitzen den, horregatik ulertu egin behar nauzu eta badakit egingo duzula.

Mesede hau egiten badidazu zin egiten dizut edozer gauzatan lagunduko dizidala eta ahalik eta hoberen portatuko naizela. Erosketak egingo ditut, nire gela txukundu, etxeko lanak egin, zaborra atera...esaten den moduan; zure esklabua izango naiz.

Beno, espero dut eskutitz honekin zure iritzia aldatzea edo moldatzea. Nik badakit zuk hoberena egingo duzula eta hautatzen duzuna edozer izanda onartu egingo dut. Baina agurtu aurretik azken mesede bat esaktu nahi dizut. Erabaki bat hartu aurretik gogoratu zure gazte garaiak eta orduan hautatu zer egin.

Zure erantzunaren zain,

Irati

Telezaborra





Telebistaren mundua oso handia da denok dakigunez eta izarrez betetako unibertso honek baditu bere alde onak eta txarrak. Onartu beharra daukat kate batzuek ematen dituzten saioak ez daudela hain txarto baina hortik eskaintzen dutenaz harro daudela esatea gehiegi iruditzen zait.
Hasteko esan beharra daukat “La noche de” saioa asko gustatzen zaidala, izan ere oso interesgarria iruditzen zait eta nire ustez programa entretenigarria da. Baina horren aurka esateko daukat ere beti ematen dituztela film berdinak. Adibidez pasaden astean “Million dollar baby” filma jarri zuten, eta aipatutakoa hiru aldiz ikusi dut gutxienez kate berean. Nire iritziz errepertorioa aldatzeko ordua da.
Horretaz gain “Esta es mi gente” eta “El diario de Patricia” moduko saio txatxuak eskaintzea ulertezina iruditzen zait eta gutxiago umeak telebista ikusten duten orduetan.
Egia da programa horiek ikusle kopurua asko handitzen dutela baina ez al dira konturatzen saio horiekin jendea iraindu egiten duela? Ikusgarriena gizarteak egiten duena da. Milaka pertsonek ikusten dute egunero programa hori eta ez dut uste interesgarria iruditzen zaielako egiten dutela; bertara joaten den jendeaz barre egiteko egiten dute, eta zertarako? Norbere arazoak, penak etab ahazteko. Ez dira konturatzen baina benetan haien modukoak dira eta beren buruaz barre egiten dute.
Aipatu bezala telebistako zuzendariek edozer gauza ematen dute honek ikusle kopurua handitu egiten badu eta honen adibide nabari bat futbola da. Egia da jende askok kirola hau atsegin duela eta partiduekin gozatu egiten dutela baina ez al dute pentsatzen beste batzuok ez daukagula batere gogorik sofan jesartzeko eta futbola ikusteko? Izan ere, nik ez daukat arazorik kate batean futbol partidu bat ipintzen badute, baina ez zait bidezkoa iruditzen sei katetik bostek futbola ematea. Zer ikusiko dugu egun horietan besteok? Geratzen den katean dagoen telesail leloa? Ez legoke gaizki zuzendariek besteongan ere apur bat pentsatzea eta ez bakarrik beraien buruan.
Argi dago, bada, bizitza honetan bakoitzak bere onerako egiten dituela gauzak eta ez dugula besteongan asko pentsatzen. Telebistari dagokienez esan beharra daukat apur bat denbora pasa moduan ikusten badugu ez dagoela txarto baina asko ikusteak ez digu onura handirik egingo, batez ere horrelako saioak jartzen badituzte. Bakoitzak jakingo du zer ikusi eta zer ez, ni idatzi honen bitartez zuen begiak irekitzeko intentzio neukan; lortu dudan ala ez, batek daki. Baina gustatuko litzaidake bakoitzak bere buruari hurrengo galdera egitea: Merezi dute horrelako programa txatxuek gure denbora preziatuaren zati bat?

jueves, 7 de enero de 2010

Ipuina


Bide Berri Bat

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu zitzaion, ba, hari bat-batean?...
Astelehen goiza zen. Etxean giroa lasaia zen, izan ere bera bakarrik zegoen. Besaulki batean eserita leihotik begiratzen zuen. Kanpoan jendeak beroki lodiak zeramatzan negu hotzetik babesteko. Altxatu eta komunera abiatu zen zailtasunez, hankan min baitzuen. Ispilu aurrean jarri zen burumakur, beldur zen burua altxatu eta bere aurpegia begiratzeko. Ez zuen gogoratu nahi aurreko gauean gertatutakoa, ez, sufrimendu gehiagorik ez. Azkenean arnasa sakon hartu eta errealitateari aurre egin zion. Ikaragarria. Nor zen hainbeste ubelduraren azpian zegoen emakume hura? Ez zuen bere aurpegia ezagutzen. Bere begi berdeak gorrituta zeuden negarragatik, sudurra okertuta jasotako ukabilkadagatik eta ezpainean ebaki bat zuen eta horren ondorioz handituta zeuden. Lotsa sentitzen zuen bere burua begiratzean, aurpegi desitxuratu hori ikusteak botaka egiteko gogoa ematen zion. Zer egin zuen berak jipoi hori jasotzeko? Beti egiten zion bere buruari galdera bera. Merezi zuen berak hura? Askotan duda egiten zuen.
Gauzak asko aldatu egiten dira urte gutxi batzuetan. Ezagutu zuenean gizon paregabea zen, oso adeitsua. Beti zegoen bera ondo egoteko ahaleginetan eta inoiz ez zion hutsik egin. Dena ondo zihoan, zoriontsu bizi ziren euren bi umeekin baina hau guztia ez zuen asko iraun. Edaten hasi zen eta ordutik, hain onak izandako urteak pikutara joan ziren eta beraiekin zoriontasuna.
Egunek ez zuten zentzurik berarentzat, orduak ematen zituen negarrez eta zer egin jakinik ez. Sufrimendu hura guztia bukatzea baino ez zuen nahi, amore eman, begiak itxi eta berriro ez zabaltzea. Baina ezin zuen hori egin. Ez beragatik, umeengatik baizik. Haiek ziren goizero jaikitzeko indarra ematen ziotenak. Berak ez zuen irtenbiderik baina haiek oraindik txikiak ziren eta bizitza on bat merezi zuten. Beraz, ezin zuen amore eman eta borrokan jarraituko zuen.
Beno, pozten zen astelehena izateaz; aste horretako jipoi gogorra pasatu zen. Asteburua zen txarrena. Berandu heltzen zen etxera, mozkor-mozkor eginda eta haserre, bere futbol taldeak galdu egiten zuelako. Atea ireki, egongelara sartu eta orduan hasten zen dena. Oso gauza itsusiak esaten zizkion. Emazte txarra zela eta are ama txarragoa; ez zuela ezertarako balio, zaborra zela, emagaldu hutsa. Gero jipoia zetorren. Zaplastadak ematen zizkion, ostikoak eta txistua botatzen zion bere gainean. Baina hori ez zen txarrena. Hainbeste oihurekin umeak esnatu egiten ziren eta ate atzean begiratzen ikusten zituenean bere bihotza zatitu egiten zen. Ezin zuen onartu haiek bera horrela ikustea, horregatik behin eta berriro altxatu egiten zen; min izan arren ezin zuen negarrik egin eta eutsi egiten zuen azken momenturaino. Bere senarra nekatzen zenean ohera joan eta han uzten zuen bera lurrean botata minaren minez ezin altxatuz.
Ezin zuen horrela jarraitu, zerbait pentsatu behar zuen eta arin gainera. Ez zuen berriro ezer gehiago jasango. Jadanik nekatuta zegoen, minduta eta lotsatuta. Ez zuen berriro hura sentitu nahi; bera ez zen leloa, pertsona bat zen eta inork ez du hori merezi, inork. Nazkatuta zegoen. Gau hartan dena bukatuko zen. Hegoak moztu dizkioten txoria izan zen orain arte, baina laster berriro hegan egingo zuen.
Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu zitzaion, ba, hari bat-batean?
Bere ametsetatik esnatu eta komunetik irten zen. Bazkaltzeko ordua zen eta umeak etortzeko egon behar zuten, beraz, presa eman zuen. Maleta bat hartu eta arropaz bete zuen: galtzerdiak, barruko arropak, hiru fraka pare eta zenbait kamiseta. Aste bete baterako ekipajea gutxi gorabehera. Hau egin eta gero telefonoa hartu eta bere ama deitu zuen honen etxera joango zirela jakinarazteko. Bere ama pozez irrikan jarri zen hau entzutean. Momentuz dena ondo zihoan baina burua argi mantendu behar zuen ezer txarto ez egiteko. Zarata batek izutu zuen; ateko txirrina. Umeak alai zetozen eskolan egindakoaz hitz eginez baina orain ez zegoen horretarako denborarik. Maleta hartu eta etxetik irten zen ziztu bizian. Umeak harrituta zeuden.
- Nora goaz ama?-galdetu zuen nagusienak.
- Amamaren etxera goaz, han pasatuko ditugu egun batzuk.
Maleta kapotean sartu eta kotxera igo zen. Bidaia luzea zegoen bere amaren etxeraino, hiru ordu eta erdi hain zuzen.
Lasai gidatzen zuen, umeak lokartuta zeuden eta isiltasunak betetzen zuen kotxea. Ordu laurden geratzen zen oraindik. Iluntzen hasia zen eta paisaia bat egiten zen gaueko argiarekin. Kriston nahastea eratzen zen.
Bere buruan ordea ideiak argi eta garbi zeuden. Erabakia hartuta zegoen eta ez zuen atzera bueltarik. Bazekien zaila izango zela eta bidea oztopoz betea egongo zela baina merezi zuen saiatzea. Ez zeukan ezer galtzerik, gauzak ondo edo txarto irten beti irabaziko zuen. Ez zuen min gehiago jasan beharko, libre izango zen, ez zuen bere senarra gehiago ikusiko. Hau pentsatzean ia oritzen ez zuen zerbait sentitu zuen; poztasuna. Bere barrenean tximeletak sentitu zituen hegan eta orduan irribarre bat agertu zen bere aurpegian. Bere burua begiratu zuen atzeranzko ispiluan, askoz ere gazteagoa ematen zuen, bere begi berdeek oraindik mantentzen zuten gaztaroko sugar hura.
Egin beharrekoan pentsatzen jarri zen. Lan berri bat topatu behar zuen oso diru gutxi zuen eta. Bazekien bere gurasoek lagundu egingo ziotela baina ez zuen haiek mantentzea nahi. Munduari erakutsi nahi zion gai zela bere kabuz moldatzeko, pasatutakoa pasatu ondoren ere aurrera jarraitzeko indarra zuela. Emakume gogorra zen bera eta lortu egingo zuen. Pertsona berri bat bihurtuko zen, baina ez zuen bizitako esperientzia gozogabe hura ahaztuko, ez. Beti mantenduko zuen bere buruan oroitzapen hori eta momentu zailetan hura gogoratzeak indarra emango zion. Ez zen berriro kikilduko, burua artez mantenduko zuen beti; orain bazekien inor ez zela bera baino hobea. Ez zen inoren aurrean berriro belaunikatuko eta bere eskubideengatik borrokatuko zen.
Umeengan pentsatu zuen. Aste bete utziko zituen bere amaren etxean, pozik egongo ziren han. Bitartean berak lana bilatuko zuen eta etxe txiki bat erosten saiatuko zen. Eskolara ere joan behar zuen, umeen izena emateko eta gainera bere etxera bueltatu behar zuen, pare bat gauza hartzeko(hau senarra ez zegoen bitartean egongo zuen, noski).
Zortzi eta bost urteko bi seme zituen; maitagarriak. Haurtzaro zaila izan zuten eta aita barik hastea ere gogorra izango zen. Seguru aski hainbat irain jasoko zituztela besteengandik baina berak ahalik eta hoberen egingo zuen. Bazekien bere semeek beti sumatuko zutela gizonezko presentzia baten falta, izan ere aitaren papera oso garrantzitsua da umeentzat, mutilentzat batez ere. Agian kostatuko zitzaien haien gauzez hitz egitea berarekin, lotsagatik gehienetan. Baina bazekien ez ziotela leporatuko egindakoa egin izana, ulertu egingo zioten eta pertsona hobeak izaten lagunduko zien gertatutakoa jakitea. Pertsona guztiok errespetua merezi dugula. Inor ez dela mespretxatu behar sexu, arraza edo kolore desberdina izateagatik. Erraza da esatea baina gero oso jende gutxik jartzen du praktikan.
Bidaia bere amaierara heltzen ari zen. Kilometro gutxi batzuk geratzen ziren haien helmuga lortzeko. Gau hotzak bere beso ilunekin inguratzen zituen baina horrek ez zien haien barnean sentitzen zuten sua amatatuko. Inor edo ezer ez zen gai izango egun hura zapuzteko; helduko ziren pena garaiak baina ez gau hartan eta heltzean ere irribarre batez garaituko zituzten.
Mugimendu bat sumatu zuen. Atzera begiratu eta Iker(seme gazteena)esnatu zela ikusi zuen.
-Asko falta da?-galdetu zuen nekatu aurpegiaz.
Eta orduan urrunean argi batzuk agertu ziren. Herriko kale argiek sortzen zuten distira hura,argi normala zen, baina haiei inoiz ikusitako gauzarik ederrena iruditu zitzaien.
Hunkituta negar egin zuen. Azkenean lortu zuen hainbeste desiratutako askatasuna. Ezin zuen sinetsi eta ametsa ez zela ziurtatzeko atximurka egin zion bere buruari.
Han zegoen haien bizitza berria besoak zabalik harrera egiten. Haien aukerak, beldurrak, lorpenak...dena. Elkarrekin lortuko zuten bide berri bat egitea.
Buelta eman, bere semeak begiratu eta irribarre egin zuen.
-Adi semeok, begiratu aurrera eta han ikusiko duzue gure bizitza, gure herria, gure askatasuna.