miércoles, 18 de mayo de 2011

Idazlana


Ametx Erakundea
Jon Atxa
Zornotzako Udala
Zornotza
Zuzendari jauna:
Zuen web orrialdeko iragarkian agertzen denez, umeen udako aisialdirako monitore bat bilatzen ari zarete. Entzuna da zuen zuzendupeko gazte programa hau oso ona, eta bai ume eta bai monitoreentzako oso didaktikoa eta baliagarria dela. Gainera denok dakigu gurasoek oso iritzi ona dutela udaleku hauei buruz eta umeak ere primeran pasatzen dute.
Beraz, lanpostuak dituen onurak eta ezaugarriak kontuan hartuta eta zuen izen ona dela eta, nire Curriculum-a bidaltzen dizuet. Uste dut lanpostu onetarako pertsona egokia naizela eta gainera zuek eskatzen dituzuen baldintzak betetzen ditut. Hamazazpi urte bete berri ditut eta udalekuek betetzen duten ordutegia egokia da niretzat. Horretaz gain gaztetxoekin lan egin dut aurretik; orain dela gutxi arte 7-8 urte bitarteko saskibaloi talde baten entrenatzailea nintzen eta umeek oso ondo pasatzen zuten. Gurasoak ere oso pozik zeuden nire lanarekin eta gainera, azken urteotan, herriko jaietan gaztetxoentzako ekintzaren bat antolatzen zenean, begirale lanetan egon izan naiz. Beraz, esperientzia handia dut lan honetarako.
Bukatzeko, nire ikasketen eta gainerako informazioaren berri izan dezazun, lehen aipatu bezala, gutun honekin batera nire curriculum-a bidaltzen dizut. Argibide gehiago nahi badituzu ni prest nago edozein galdera erantzuteko. Horren bestez eta nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan, agur.
Begirunez,
Irati Salazar
Zornotzan, 2011ko martxoaren 13an.

Idazlan laburra


Aitor Urrutikoetxea
SGAEko zuzendaria
2011ko urtarrilaren 9a

Zuzendari jauna:
Eskutitz honen bitartez zuregana jotzen dut sortu zaidan arazoa konpontzeko asmoaz. Irati Salazar gitarra jolea naiz, eta jakingo duzunez orain dela gutxi disko bat kaleratu nuen. Aste pare bat pasa da jadanik eta oraindik ez da bat ere saldu. Betidanik jakin dut musikariaren bizitza ez dela erraza, baina egoera hau ez zait normala iruditzen. Gainera, nire arazoak konponbidea badu eta horregatik idatzi dizut, uste dudalako zuk ni, eta beste musikari asko, laguntzeko zerbait egin dezakezulako.
Jakina da gaur egun gazteak internetetik jaisten dituztela gustuko dituzten abestiak, eta normala da; izan ere metodo arinagoa da, dohainekoa eta askoz erosoagoa. Baina jendeak ez du kontuan hartzen musikariok ere lan egiten dugula eta modu horretan gure esfortzu guztiak ez duela ezertarako balio. Hori dela eta, egoera hau konpontzeko neurri batzuk hartu beharko genituzkeela uste dut. Behar bada diskoen prezioa murrizten badugu jendea hauek erostera gehiago animatuko da; izan ere, esan beharra dago gaur egun diskoen prezioa oso altua dela eta jende askok horregatik ez dituela erosten. Arazoa konpontzeko beste aukera bat zera da, internetetik egindako deskarga bakoitzeko diru kopuru bat, ez oso altua, eskatzea. Baliteke jendeak hasiera batean erabaki hau ez onartzea, baina ulertu beharra dute musikariok ere gure bizitza modu batean edo bestean aurrera atera behar dugula.
Honenbestez, eta nire eskaria kontuan hartu eta egoera hau konpontzeko zerbait egingo duzulakoan, agur.
Begirunez,
Irati Salazar

Eskaera gutuna


EGAko arduraduna
Aitor Goikoetxea Esnal
Euskararen Gaitasun Agiria
EGA

Eskatzailearen datuak

Izen-abizenak: Irati Salazar Perez
NAN: 79047715-G
Helbidea: Aita Roman Urtiaga 23-A 48340 Amorebieta-Etxano(Bizakaia)
Telefonoa: 946308968
Lanpostua: ikaslea


Azalpena

Joan den astean, otsailak 19 larunbata, EGAko azterketa idatzia egin genuen. Egunean bertan ni oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin, baina atzo, nota jasotzean, oso azterketa txarra egin nuela konturatu nintzen, 3 bat atera nuen.
Klasean asko landutako gauza bat zen idazlan laburra eta beraz, zaila egiten zait hori sinestea.

Eskaera

Horren ondorioz, nire azterketa ikusteko aukera eskatzen dizut; horrela txarto egindakoa ikusi eta hurrengo baterako hobetu ahal izateko.


Nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan.

Testu Komertziala



Elkar Argitaletxea
Josu Uribarrena jauna
Miramon pasealekua 172
20014 Donostia

Zornotzan, 2011. II. 25

Zuzendari jauna:
Eskutitz honen bidez zuregana jotzen dut sortu zaidan arazoa konpon dezakeen pertsona egokia zaren esperantzaz.
Hona hemen lerro hauen asmoa:
Institutuko kurtso berria hasi baino bi hile lehenago, uztailaren hasieran, zuek jarritako eskaintza berezia ikusi nuen. Iragarki horrek zera esaten zuen, liburuak banan banan eskatu beharrean talde handitan eskatzen baziren merkeago irteten zela. Horregatik, nire ikasleekin hitz egin eta nik liburuak eskatuko nituela proposatu nien. Beraz, hogei bat liburu enkargatu nizkizuen.
Liburuak heldu zirenean ordea, gainetik begiratu nituen okerren bat zuten ikusteko, eta horretan nenbilela zerbaitek atentzioa deitu zidan. Nik liburuak kolorean eskatu nituen eta hauetako batzuek orriak zuri.beltzean zituzten. Gainera, enkargua berandu heldu zenez kurtsoa hasteko bi aste baino ez dira falta.
Honen ondorioz zera eskatu nahi dizut, txarto dauden liburuak berri batzuengandik aldatzeko eta hau, mesedez, ahalik eta azkarren egiteko. Beste aldetik, bidezkoa iruditzen zait ordaindutako diruaren zati bat itzultzea jasan behar izan ditugun eragozpenengatik. Ulergarria dela uste dut.
Azkenik, eta nik sortutako eragozpenak kontuan izanda, liburu berriak helduko direnean jakinaraziko bazenit, ni haien bila joateko, eskertuko nizuke.
Honen bestez, zure erantzunaren zain naukazu, eskerrik asko eta agur t´erdi.

Urritxe Institutua
U. Goikoetxea

Ipuina



- Sentitzen dut, ezin izan dugu ezer egin.

Momentu horretan ilundu zitzaion bidea. Hala ere, Ainhoa korrika hasi zen, inoiz baino azkarrago. Kalera irten eta gaueko haize freskoak ilea kiribildu zion. Udako gau atsegin horietako bat zen; tenperatura leuna eta zeruan milaka dirdira. Ainhoak ordea ez zuen bere ingurura begiratzeko denborarik ere izan. Hamar minutu noraezean korrika egin ondoren gelditu zen, arnasestuka. Kotxeen zaratak urrun entzuten ziren handik, eta basoko zuhaitzen artean animalien mugimenduek adarretan egindako kraskarak bakarrik apurtzen zuten Ainhoa inguratzen zuen isilunea. Orduan oihu egin zuen. Eta bularra urratzen duten oihu horrek bukatu zuen udako gau ederraren lasaitasunarekin. Madarikatzen zuen erabaki txepel hori hartu zuen eguna.

- Ainhoa! Lotan zaude ala?

- Baina zer diozu babo halakoak? Beti nire kontra egon behar al duzu edo?- lotan baino liluraturik pentsatu zuen Ainhoak, hain zen galanta.

-Ez zaitez haserretu nirekin, badakizu zenbat maite zaitudan eta!

Ikerrek barre egin zuen eta beti moduan Ainhoa hitzik gabe geratu zen bere irribarrea ikustean. Lelotuta geratzen zen hura begiratzen zuen bakoitzean, bazekien tuntuna ematen zuela baina ez zitzaion axola. Hamar urte zituenetik zuen gustuko eta zortzi urte pasa ondoren oraindik ez zuen ezer lortu. Esan beharra dago Ainhoak ez zuela ezer berezirik egin Iker konturatu zedin baina oso lotsatia zen eta ez zuen sentitzen zuena esateko ausardiarik. Gainera, Iker bera baino urte bat nagusiagoa zen, eta berarekin oso ondo konpondu arren ez zuen uste aukera askorik zuenik. Lagun taldearekin irteten ziren bakoitzean Iker neska berri baten besoetan bukatzen zuen beti, bestetan dantzan hasi eta jende guztiak inguratzen zuen; Ainhoa berriz bakarrik geratzen zen, barran jesarrita Ikerrek zuen begirada misteriotsua bilatu nahian.

-Ainhoa...berriro ere lotan!jajaja Tontotua geratuko zara neska!

-Gorroto zaitu Iker!-esan zuen Ainhoak sofan zegoen kuxina hartuta. Orduan mugimendu azkar batez Ikerri aurpegira bota zion. Iker salto batez bere gainean jesarri eta kili-kiliak egiten hasi zitzaion. Gustuko zituen momentu haiek, baina betiko moduan zerbaitek eten egin behar zituen. Erlojuaren kanpaiek hamarrak jo zituzten.

-Kaka zaharra! Etxera joan beharra daukat.

-Goiz da eta oraindik!-erantzun zuen Ikerrek.

-Bai, baina ama lagundu beharra daukat etxeko kontuekin, badakizu aita ez dagoenetik....- Ainhoari aurpegia ilundu zitzaion. Aitak duela lau hilabete etxetik alde egin zuen ama, neba eta bera bakarrik utziz. Golpe gogorra izan zen berarentzat; zenbat gauza egin zituzten elkarrekin, zenbat ipuin kontatu zizkion, eta orain, berarentzat hilda zegoen eta baita beste guztiontzat ere. Izan ere, hori zen jendeari esan ziotena. Iker zen egia zekien pertsona bakarra.

- Egon zaitez lasai, ni hementxe geratuko naiz. Ainhoa, itxaron! Ia ahaztu zait; bihar arratsaldean etorri egingo zara ezta?-Manifestazioari buruz ari zen Iker. Bera eta bere lagun taldea kale borrokan sartuak zeuden eta beraz, herrian egiten ziren manifestazio eta halako gauza guztietara joaten ziren.

-Joan beharko! Bestela nork zainduko zaituzte zuok guztiok?

Egia esateko Ainhoari ez zitzaion gehiegi gustatzen bere lagun taldeak egiten zuena. Berak sinesten zuenagatik borroka egin nahi zuen, baina haiek pasatu egiten ziren eta bera ez zen hain ausarta. Hala ere inoiz ez zuen beldur pitin bat ere erakutsi, inoiz. Gainera Ikerren ondoan egoteko edozer gauzari emango zion baietza, munduaren amaieraraino joango zen bere eskutik.

- Ederto! Hauxe da nire neskatxa! Gau ona pasatu, eta kontuz ibili etxerako bueltan, ongi da?

- Lasai egon zaitez Iker, badakit nire burua zaintzen eta. Gabon!

Eguzkiak gogoz jotzen zuen plazan, izugarrizko sargoria zegoen; baina, ala ere bertan zegoen lagun talde guztia. Ez zen manifestazio batean parte hartzen zuten lehen aldia, ezta pentsatu ere! Baina zirrara ikus zitekeen haien aurpegietan; haien herriaren alde borrokatzeko gogoa, kemena, haietako bakoitza sinesten zuenaren alde. Behar bada ez zen kasu guztietan berdina, baina bertan talde baten moduan zeuden, elkarturik borrokatzen eta haien indarrak baturik aurrera eginez. Ez zen egun berezia, baina urduritasuna sumatzen zen; gertatuko zena sentituko balute bezala.
Ainhoak ordea burua beste leku batean zuen. Heldu zenetik ez zuen Iker begiratzea besterik egin, ezin zuen saihestu. Bere ahotsaren musika, bere irribarrearen gozotasuna. Beti zegoen bera zirikatzen baina horrek maitagarri egiten zuen. Bere ondotik pasatu eta ia-ia ukitu ere egiten ez zuenean bere berotasuna senti zezakeen, eta zuen begirada gogor horrek...zenbat gauza ezkutatzen zituen begirada horren atzean.
Bat-batean urrunean entzun zen zarata batek atera zuen Ainhoa bere pentsamenduetatik. Lagun taldeak ingurura begiratu eta eskandaluaren iturria ikusi zuten; manifestazioan zegoen gazte batek beltzen furgonetaren kristalera harri bat bota eta korrika hasi zen. Horren ondoren zirrara, beldurra, urduritasuna...sentimendu asko eta asko batera agertu ziren. Beltzak korrika atera zirenean jadanik jendea bazegoen paperontziak botatzen, kristalak apurtzen eta haien leloak oihukatzen.
Ainhoa urduri jartzen hasi zen. Inoiz ez zen horrelakorik gertatu. Bai, behin edo behin arazoren bat izan zuten , baina oso garrantzia gutxikoa. Honek ordea itxura txarra hartzen hasi zen.
Bat- batean norbaitek besotik tiratu zion.

-Ainhoa, zertan zaude geldirik? Etorri zaitez ondo pasatzera!- Iker aztoratuta zegoen. Arnasa arina zuen, begiak distiratsu eta koloreak zituen bi masailetan. Eskutik heldu zuen eta tira egin zion.

- Ez Iker, ez ginateke horretan sartu behar, zerbait gertatu liteke.

-Joder Ainhoa, beti izango al zara hain kakatia? Beno ba, ni banoa Iratxerekin, zu geratu zaitez banku batean jesarrita, bueltatuko gara.

Urdailean ostiko bat eman izan baliote moduan sentitu zuen Ainhoak. Ezin zuen hori onartu; Iratxe. Neska hori ez zitzaion batere gustatzen. Liraina zen bai, ederra. Baina ez zuen bururik; ez zuen berak Ikerrekin zuen harreman ona eta gainera ez zen lagun taldekoa. Beti haiengana hurbiltzen saiatzen zen, Ikerrekin egoteko noski. Besteak antzarrak perratzera bidaliko lituzke. Gainera mespretxuz begiratzen zituen, maila altuago batean egongo balitz bezala.
Momentu horretan ez zekien amorrua, adrenalina edo Iker galtzeko beldurra izan zen. Behar bada bere herriagatik sentitzen zuena ere egin zuena egiteko inpultsoa eman zion, izan ere Iratxe ez zen herrikoa, baina sutan sentitu zuen barnea. Nekatuta zegoen taldeko makalena izateaz, beti besteentzako gauzak egiten, beti hain apala, hain txintxoa. Zutitu eta arnasa sakon hartu zuen.

- Gora Euskal Herria!- hura izan zen Ainhoaren leloa, benetan sentitzen zuen? Horregatik borrokatuko zen edo maiteminak eragindako erokeria zen? Berak ere ez zekien, baina korrika hasi zen kalean barrena. Odola zainetatik igarotzen sentitzen zuen bere bihotzeko taupada bakoitzean, adrenalinaz beterik zegoen. Aurrera zioan ala gero eta txarragoa zen egoera. Paperontziak lurretik botata zeuden, dendetako zenbait kristal apurtuta eta jendea alde batetik bestera ari zen korrika beltzek botatzen zituzten pilotak saihestu nahian. Ikaragarria zen sortutakoa. Orduan Ainhoak bere aukera ikusi zuen. Kale nagusiaren amaieran biltegi zahar bat zegoen, inor ez zen bertan sartu urtetan. Hura zen bere patua, edo hori pentsatu zuen berak momentu horretan.

- Sua nahi dute, sua izango dute ba.

Ainhoa barrura sartu zen. Dena oholez eta hautsez beteta zegoen, beraz primerakoa zen berak pentsatu zuena burutzeko. Poltsikoan zuen txiskeroa piztu, ohol bat hartu eta su eman zion. Orain itxarotea bakarrik geratzen zen. Ordu laurden bat pasatu ondoren eraikina su hartzen hasi zen, beraz Ainhoa kalera irteteko prest zegoen. Atera hurbildu eta hau zabaltzera zioenean sabaian zeuden oholak aurrera jausi zitzaizkion. Harrapaturik zegoen.
Bitartean kanpoan gauzak lasaiago zeuden. Lagun taldea elkartu zenean denak zeuden ongi, batek edo bik pilota baten marka zuen hankan edo besoan, baina ezer larririk ez. Iker izan zen heltzen azkena. Lagunei begiratu eta berehala konturatu zen Ainhoa falta zela.

- Non da Ainhoa?- galdetu zuen larritu aurpegiarekin. Orduan haietako batek zerbait esan eta biltegia seinalatu zuen. Ez zekien zergatik baina Ainhoa han zegoela jakin zuen. Baina baina zertan pentsatzen ari ote zen? Zergatik egin zuen hori? Ez zuen birritan pentsatu, Iratxeren eskua askatu eta ziztu bizian joan zen biltegira.

Ainhoa salbu irten zen biltegitik, medikuarengana eraman zuten konortea galdu baitzuen oxigeno faltagatik, baina ez zuen ezer larririk izan. Iker ordea...suhiltzaileak atera zuten eta jarraituta eraman zuten ospitalera. Gorputz guztia erreduraz beterik zuen eta golpe oso larria jaso zuen buruan. Lau egun eman zituen Ainhoak ospitalean Iker noiz esnatzeko zain. Ez zuen ezer jan, ez zuen dutxarik hartu, ezin zuen lorik egin. Itxaron. Hori esan zion medikuak; itxaron, besterik ez.
Udako gaur ederra zen hura, bai. Baina dena galdua zegoen Ainhoarentzat. Ilargi betea begiratu eta ez zuen edertasuna ikustea lortzen. Basoko bakardadean geratu nahi zuen betirako. Ikaragarria da gizakiak egin dezakeena; maitasuna, askatasuna, zergatik borrokatzen den ere ez dakigu eta. Zaila da galduta sentitzea, noraezean, baina bakoitzak aurkitu behar du bere bidea. Ondo dago gure ideiak, gure sentimenduak defendatzea, baina botereagatik borrokatzea, amorruagatik, gorrotoagatik...horrek galbidera baino ez gaitu eramaten.
Udako gau ederra zen hura, bai. Baina Ainhoarentzat ezerk ez zuen berriro ere zentzurik izango.